SOBERANÍA ALIMENTARIA ALDIZKARIAREN ELKARTEA
Argitalpena eta gure jarduerak posible egiteko, bigarren mailako elkarte gisa eratuta gaude; hau da, entitateak eta norbanakoak elkartuta eta antolatuta ari gara, hausnarketarako eta eztabaidarako tresna hau bizirik zaintzeko, eta horren bitartez elikadura burujabetzaz, gizarte eraldaketaz eta landa eremuko bizitzaz jarduteko.
Naturak bezala, guk ere dibertsitatea dugu gustuko, eta gure baitan daude nekazaritza arloko sindikatuak, GKEak, kontsumo kooperatibak, kultur erakundeak, mugimendu ekologistak eta kolektibo akademikoak, besteak beste. Nahi al duzu gurekin bat egin? Zenbat eta gehiago izan, hainbat eta aberatsagoa eta erresilienteagoa izango da proiektua.
Zer esan nahi du elkartzeak?
Edozein kolektibotan lez, entitate zein norbanako bazkideok, elkarkidetzetan izan ohi diren eskubide eta betebeharrak ditugu. Horietako nagusiak dira informazioa eskuratzea eta asanbladaren espazioetan parte hartzea. Hantxe planteatzen dira unean uneko erronkak, eta horrekin batera funtzionamenduari dagozkion erabakiak hartu, estrategiak planifikatu eta egunerokotasuneko zereginei norabide politikoa ematen zaie.

Urteroko asanbladetako puntu garrantzitsuenetakoa izan ohi da urte horretan aldizkarian landu beharreko gai nagusiak ebaztea. Bazkide diren entitateetako bakoitzak, bere lan esparrutik eta bere sentsibilitateetatik, bere ikuspegia azaltzen du, eta elkarrekin eztabaidatzen eta aukeratzen ditugu gai estrategikoak. Era berean, analisiak eta iritziak biltzeko giltzarri izan daitezkeen ikuspegiez, pertsonez eta antolakundeez hausnartzen dugu, posizionamenduak eta gatazkatsuak diren puntuak ere aintzat hartuta. Ziur zure entitateak ere baduela zer ikasi eta zer eman ekarpen gisa.
Noski, asanbladatik aparte ere egin daitezke artikulu, elkarrizketa eta erreportajeetarako iradokizunak, beste edozelako ideia interesgarrirekin batera. Koordinazioko lantaldeak kudeatuko du ekarpen hori, batzorde argitaratzailearekin elkarlanean.
Gainera, kolektibo bazkide gisa, jaso nahi dugun ale kopurua adostu dezakegu, ale horiei emango diegun erabileraren arabera. Batzuek gure bazkide eta erabiltzaileen artean banatzen ditugu aleak; beste batzuek ale gehigarriak eskatzen ditugu, gure egoitza salmenta puntua delako, eta azkenik, irakurketa kolektiborako material bezala daukaten kideak ere badaude elkartean.
Azken finean, bazkideok egiten dugu Soberanía Alimentaria, Biodiversidad y Culturas aldizkaria argitaratzen duen elkartea. Argitalpen hau geurea da, eta gure helburuei hobekien egokitzen zaion moduan erabil dezakegu, geure jendearen artean banatu, edo eztabaida eta saio tematikoak antolatu, eta abar.
Zer ekarpen egiten dio gure entitateari Soberanía Alimentaria-ren parte izateak?
- Manifestu bati atxikimendua ematearen antza izan dezake. Elikadura burujabetzaren alde gaudela ozen esatea da; oinarritik, baserritarrengandik jaiotzen den paradigma honen esanahi politiko eta disruptiboaren alde, hain zuzen.
- Lurrari, lurraldeari eta komunitateari atxikitako bizitzeko modu askatzaileekiko konpromisoa berrestea dakar.
- Gure entitatearen egitekoa aurrera eramatea da, espazio honi esker ezagutzen ditugun beste kolektibo eta antolakunde kideekin batera.
- Kooperatu, ikasi, konplizitateak josi. Hemen hori guztia egiteko klima aproposa daukagu.

Nola erabili aldizkaria?
Pentsamenduan eta ekintzan sakontzeko nahiak mugitzen duen tresna edo kolektiboa izanda, behin argitalpena esku artean dugula, garrantzitsuena ahalik eta probetxu gehien ateratzea da, ezagutarazita, eta irakurketa zein eztabaidarako espazioak sortuta.
- Aurkezpenen antolaketa. Herriko liburutegian, egoitza sozial batean, kide baten jatetxean... Hainbat espazio egoki daude inguruko jendea bildu eta nahi dugun zenbakia aurkezteko. Erraza da ekitaldi horietan aldizkariaren zenbaki bakoitzeko egile batzuek parte hartzea, eta era horretan lehen pertsonako ahotsa izatea; baita lantaldeko edo batzorde argitaratzaileko kideak gonbidatzea ere.
- Aldiroko ekintzak. Hainbat erakundek hitzaldiak, ikastaroak, irakurketa klubak, bazkari kolektiboak, topaketak edota ospakizunak antolatzen ditugu. Aldizkaria salgai ipini ahal da horrelako espazioetan, baita aleak prezio berezian eskuratu eta bertaratzen diren pertsonen artean oparitu ere, ezagutarazteko.
- Soberanía Alimentaria liburutegi publikoetan egotea garrantzitsua da. Ahalko zenuke zure auzoko edo herrikoarekin kontaktuan jarri eta aldiro aleak jaso ditzaten kudeatu? Zentro sozialetan, taberna kooperatiboetan edo itxarongeletan ere interesgarria izan liteke. Hor, aldizkari bat edo bi hainbat esku eta begietatik pasa daitezke. Aldizkariren bat utzi dezakegu erakusteko, eta harpidetza egitea eskaini.
- Lurralde mailako sareak. Aldizkaria espazio eta aitzakia egokia da, halaber, antzeko edo kidekoak diren antolakundeen artean sareak sortzeko eta elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua sendotzeko.
- Kultur jaialdiak. Jaialdiak ezagutzen edo antolatzen badituzue, horiek ere leku aproposak dira Soberanía Alimentaria aldizkariari tokia egiteko. Hainbat artista ezagutu izan dugu aldi honetan, baita haiekin kolaboratu ere, eta elkarrekin sormen ekintzak pentsa ditzakegu, elikadura burujabetzarekin eta landa eremuarekin lotuta.
- Eta ziur gauza gehiago ere bururatuko zaizuela.

Ilustrazioak: Marrabila
Nola lagundu gu sostengatzen?
Proiektuaren finantziazioa da, noski, gai nagusienetakoa, eta ahalik eta konplizitate gehien behar dugu horretarako. Horretan, bazkideon egitekoa gakoa da, eta garrantzitsua da maitasunez aritzea. Estrategia soila da: gure aurrekontuaren ehuneko esanguratsua estali beharko genuke bazkideen eta harpidedunen kuoten bidez, babestuak eta askeak sentitzeko.
Zenbait ideia:
- Kontu nagusietakoa izan beharko luke Soberanía Alimentaria aldizkariari buruz beste entitate eta pertsona batzuei hitz egitea, haiek ere espazio honekin bat egin dezaten harpidedun edo bazkide bezala.
- Antolakunde asko ari gara sentsibilizazioa, formakuntza edo hezkuntza lantzen dituzten proiektuak prestatzen. Hor sinergiak aurkitu ditzakegu; izan ere, alor horretan aldizkariak ibilbide luzea dauka, kontaktuak, ideiak eta esperientzia. Proiektuak onartzeko ere baliagarri izan daiteke hori guztia. Proiektua pentsatzen eta aurrekontua jartzen ari zaretenean... kontaktatu!
- Egiten ditugun jardueren artean, askok daukate lotura ikerketa lanekin. Aldizkaria osagarritzen duen lana da, bai edukinen aldetik, bai finantziazioan. Izan ere, ikerketa guztiak daude entitate publiko edo pribatuekin batera finantzatuta. Horri esker sakondu egin ahal da intereseko gaietan, eta bide batez aldizkariaren argitaratzea sostengatzen da. Zuen antolakundeak alor horietan beharrizanen bat izanez gero, lankidetzaren bat planteatu daiteke.
- Asko eskertzen da, era berean, aldizkariaren jabekide eta bozeramaile gisa bere lana gertuko administrazioei aurkeztea eta haien babesa lortzea. Haietako askok badituzte argitalpenaren elaborazioari ekarpena egin diezaioketen deialdiak.
- Horrekin batera, salmenta puntuak bilatzea komeni zaigu, hala nola, elikagai ekologikoen dendak, kontsumo taldeak, liburu-dendak... edo gai hauen gaineko interesa izango duen edozein gune.
- Eta ziur zuen lurraldeetan ohikoak diren beste formula zehatz batzuk ere badaudela, zuen jardueren baitan, bai harpidetzak, laguntzak edo kide berriak lortzeko.
Hemen zure kuota eta bere aldirokotasuna tramitatu ahalko dituzu. Lehenengo urratsa da!